XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Barnea garbi eta ordenaturik zegoen.

Sartu bezain fite beheko sua eta haren ondoan pilatutako egur mukuruaz ohartu ziren.

Ez zen paretik eta porlanez estalirik zegoen lurra Mahai bat eta bi sila ziren haltzari bakarrak.

Zoko batean pilaturik lau koltxoi eta lau manta hezetasunaren kausaz hondatzen hasiak.

Emakumeak apal batean zeuden gauzak errepasatu zituen.

Mahaiko tresnak berriak ziren: dozenerdi bat plater, metalezko hiru edontzi, bi laban, bi goilare eta abrelatas bat.

Ondoan fianbrera bat eta kontserba poteak.

Melokotoia, ilarrak, piperrak eta dultzea.

Emakumea beheko suaren ondoan makurtu zen eta koñak botila bat atera zuen zokotik.

Max-i erakutsi zion irrifar eginez.

- Ehiztari etxola batean ezin horrelakorik falta -esan zuen, eta apalean utzi eta gero zerbaiten bila hasi zen.

Egur mukuruaren ondoan periodiku zahar bat aurkitu zuen.

Orri batzuk zimurtu eta beheko suan jarri behar zituenean Max-en ahots urduria iritsi zitzaion.

- Zer egin behar duzu? Emakumeak ezentzunarena egin eta egurra pilatzen segitu zuen.

Max kanpora atera zen.

Ilun zegoen. Haizerik ez eta ateri.

Arboletatik horbelera austen ziren tantoen soinua entzuten egon zen.

Gabardina bustiaren hotza somatu zuen bizkarrean.

Ttua irenstean eztarriko mina berpiztu zitzaion eta begiak itxi behar izan zituen.

Euriarena ezik beste soinu baten beharra sentitu zuen.

Ostia, ostia, esan zuen aditzeko moduan.

Etxolaren atzeko aldera jo zuen.

Orduan ohartu zen hango leihoaz.

Kristaleraino hurbildu zuen aurpegia.

Barnean bereizi ahal izan zuen garrak gorputz makurtu bat argitzen zuen.